Gure paisaiak

Dima Bizkaiko nekazaritza, abelzaintza eta artzaintza tradizionalaren eredu xehea da. Artaun auzoa, berriz,  oraindik pasaia bere horretan mantentzen duenetarikoa dugu. Urkiolako Parke Naturalaren mugarri izanik, ingurugiro natural ederraz gainera, garai bateko elementuen eta irudien gordailua da. Ermita, bolatokia. plaza, herratokia, eskola zaharrak, baserrien arkitektura anitza, denak ala denak osagarri ezin hobeak aspaldiko paisaia zabal honetan galtzeko. Aramotzeko mendilerrotik Gorbeararteko lursaila agerian.

Hurbileko Indusi auzoan Aita José Miguel Barandiaranek aurkitutako Erdi Paleolitikoko Axlor aterpearen aztarnategiak, Baltzolako kobek, Jentilzubik ala egon dauden igarobide zahar anitzek erakusten dutenez, lurralde hau gizakion babeslekua izan da historiaurretik eta mendez mende.

Inguru natural paregabe honetan oraindik ere antzina-antzinako hainbat tradizio eta ohitura bizirik dirau gure nagusiei esker, izan ere, berauek dira gure historiaren oroimen bizia. Oraindik dago elezahar eta kondaira mitologikoak kontatzen duenik. Ezin ahaztu paraje hau euskal mitologiaren sorleku ezinbestekoa dela, istorioez josia, Aita Barandiaranek bere ikerketetan jasotako hainbat testigantza aditzera ematen digutenez. Baltzolako kobak dira Sorgin, Lamia, Jentil, Basajaun eta bestelako izaki mitologikoen kontakizunen ardatz nagusi.

 

Artaun auzoa Aramotz edo Legarmendi deituriko mendikatearen magal batean kokatzen da, hegoaldearantza begira. Mendikate hau Arratia eta Durangaldearen artean dago, Urkiolako Parke Naturalaren baitan. Sistema karstikoa dugu, beraz, mendi tontorretan kareharria da nagusi eta bestelako lursaila landaretza sendo batez estalia dago, 700 espezie inguruz osatua. Orografia berezi honek kareharrizko arroketan ur jasan etengabearen eraginez zuloak eta leizeak sortzeaz gainera, bestelako fenomeno bitxiak ere sortarazten ditu kaltzitaren eraldatzearen erruz, hara hor, Artaungo islandiar espatoaren harrobia besteak beste. Faunari dagokionez, azeriak, saiak, belatzak, sai zuriak, miruak, basurdeak, orkatzak, lepazuriak, azkonarrak…aurki ditzakegun, florari dagokionez, ostera, arteak, pagoak, aritzak, urkiak… eta gaixotasunak osatzeko etxeko erremedio tradizionalak egiteko beste hainbat landare eta belar. Paraje aparta honetan naturak eta paisaiak zeresan propioa dute.

 

 

Aramotz mendilerroa. Mendi igoerak:
Leungane (1009 m), Artatzagane (998 m) eta Mugarra (964 m) dira Aramotzeko mendikatearen tontorrik garaienak. Honakoak, beste gailur batzuk:

Artaungan (905 m), Atzoker (858 m), Pagasarri-Aramotz (838 m), Pagofin (814 m), Askorri (812 m), Batzuenburu (796 m), Urtemondo (788 m), Asuntza (785 m), Obako Atxa (782 m), Gaintzorrotz (780 m), Bernagoitiaburu (774 m), Askurrumendi (771 m), Kañometa (760 m), Apala-Aramotz (757 m), Pagozelai (746 m), Atxandi (741m), Pagotxueta (724 m), Gorritxueta (702 m), Atxurkulu (682 m), Belatxikieta (661 m), Artieta (650 m).

Ugatxa eta Eskubaratz mendilerroak. Besteak beste, honako gailurrak:

Arrietabaso (Ezkumendi/Kanaleko) (1018), Kanpantorreta (1002), Ezkumin (915), Gorostibakar (924), Txumulutxueta (918), Deabru Atxa (779), Keixa (Otzatx) (817)

Ibilbide bilatzailea. Iturria: Mendikat

Mendi igoerez gainera, bestelako ibilaldi eta bisitarako interes guneak ere badira inguruan.

Ibilaldiak. Iturria: Dimako Udala

Hemen gara bailara xarmangarri honetan, Urkiolako eta Gorbeako Parke Naturalen artean, zuon zain

Leku interesgarriak: Axlor aterpea, Baltzolako kobak, Leunganerako igoera, Mugarrarako igoera

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies