Emakumeak eta baserria

TRADIZIOA

Baserria bizimodu zehatz baten gordelekua da, bertan, familiarteko bizitzarekin batera, eguneroko lanak ere lekua hartzen zuen etengabe.

Beharrak zenbatezinak, bai barruan zein kanpoan eta emakumea bietan arituko da. Emakumeen ardura zen etxearen garbiketa eta mantentze lanak, umeen haziera eta hezkuntza, bazkarien prestakuntza… eta baita abereen zaintza eta garbiketa, solo-lanak, uztatik eta abereengandik jasotako produktuen kontserba, salmenta… eta azken hau, nola ez, Arratiako tranbiara eramango gaitu. Orohar, emakumea zen bendejearen arduraduna, alegia baserriko produktu sorta inguruan, azoketan eta Bilboko merkatuetan salduko zuena eta zenbaitetan Arratiako tranbia zen erabiliko zuen garraiobidea.

Baserriko egundoko lanak familiak ugariak izatea eragiten zuen. Arrazoia garbia zen, zenbat eta esku gehiago hainbat eta lan gehiago atera zezaketen aurrera. Umeei, ibili orduko, lan mundura gerturatzen zitzaien. Seme-alaba nagusiek txikiak gobernatzen zituzten eta emakumea, emankorra zen bitartean, haurdunaldien eta erditzeen artean biziko da baina lanean jarraituko du. XIX. mendearen bukaeran heriotza-tasa umeen artean eta emakumeena erditzean oso altua zen.

Baserriko lanaz lortutako produktuen salmentak emango zien ekoizterik ez zuten produktuak erosteko aukera, kasurako petrolioa kriseiluetarako, argizariak… edo kapritxozko egun berezietarako txokolatea, kafea… baita errenta ordaintzeko beste diru.

Modernitatearen aurkikuntzarik nabarmenetarikoa higienearena izan zen, honek bizitza osasungarriagoa eta luzeagoa ekarriko zien.

Zentzu honetan, modernitatearen eragina herrian botikarioaren eskutik etorriko zaie, tradiziozko erremedioak baino botika eraginkorragoekin eta, bidenabar, osasuna hobetze aldera bizilagunei aholkuak emanez.

Emakumearen lana funtsezkoa zen umeen hezkuntzan eta balore-transmisioan. Ama eta amama  ziren hazteaz gainera, tradizioen, sinesmenen, baloreen eta erlijioaren mundu sinbolikoan murgiltzeaz arduratuko zirenak. Hitz batez, ona eta txarra zertan zen, ondo ala gaizki zer zegoen.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies